Trapagarango Udaleko Kirol eta Turismo Sailak eta Neguko eta Mendiko Kirolen Amarok Txakurkros Elkarteak Trapagarango Txakurkrosaren I. edizioa ospatuko dute azaroaren 21ean animaliekiko maitasunarekin korrika egiteko grina sustatzeko.

Lehenengo edizio hau herrikoia izango da eta 7,71 kilometro izango ditu, Meatzaldeko Plaza Lauan irteera eta helmuga duela. Probarekin batera, Plaza Lauan bertan, beste jarduera batzuk egingo dira, hala nola animaliak babesteko elkarteek bideratutako animali erakusketa bat eta lasterketa txiki bat, etxeko txikienek praktika hau ezagutu dezaten.

“Ekimen honen bidez, kirola sustatu nahi dugu eta animaliekiko errespetua eta haiekiko bizikidetza arduratsua azpimarratu, baita etxerik ez dutenen adopzioa sustatu ere. Beste helburuetako bat diziplina hau ezagutzera ematea da, batez ere haur eta gaztetxoen artean”, nabarmendu du Carlos Marquina, Kirol eta Turismo Saileko zinegotzi jeltzaleak.

Disziplina gero eta ezagunagoa

Kirol honen jatorria Europako iparraldean leretatik tiratzen duten txakurrak dira, “pelikuletan ikusten dugun bezala; txakurrak arnes berezi bat du botatzean kalterik egin ez diezaion, jabeari lotuta doa eta tiraka doa, taldeko kirola da “, zehaztu du zinegotzi jeltzaleak.

Txakurkrosa estatu mailan sendotzen ari den diziplina bat da, tradizio handia duena Europa mailan. Federazio propioa dago, modalitate horretan bakarrik aritzen diren txapelketa garrantzitsuekin eta maila lehiakor oso altuarekin. Espainian duela 20 urte inguru sartu zen eta federazio mailan, Neguko Kirol Federazioaren mende dago.

“Pertsonen eta txakurren arteko binomioak bereziki erakargarri egiten du kirol-jarduera hau. Naturaz zure txakurrarekin gozatzea eta harekin zaletasun komun bat aurkitzea, korrika egiteko grina, balio erantsia ematen du honek”, gehitzen du zinegotziak.


Ordutegiak eta izen-ematea

5 kategoria izango dira lehian (juniorrak, seniorrak, 40 beteranoak, 50 beteranoak eta bertakoak), bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Proba 08:00etan hasiko da, albaitariaren kontrolarekin eta ondoren, 10:30etan, ibilbideari buruzko argibideak emango dira lasterketaren aurreko bileran. 8 kilometro inguruko lehiaketa 11:00etan hasiko da eta haurrentzako Txakurkrosa, berriz, 12: 45etan. Ekitaldia 13:00etan amaituko da sari banaketarekin.

Txakurrei dagokienez, lehiaketa honetako parte-hartzaileek mikrotxipa eraman beharko dute identifikazio-modu gisa, gutxienez urtebeteko adina izan beharko dute txakurkroserako eta izena emateko gehieneko adina, berriz, hamar urtekoa izango da. Gainera, azken urtean eguneratuta eduki beharko dute txertaketa-txartela edo pasaportea.


150 parte-hartzaileko muga ezarriko da txakurkros proban. Parte hartu nahi dutenek azaroaren 18ra arte (22:00) izango dute izena emateko (federatu gabeek 15 €, federatuek 12 € eta Amarok Txakurkros Klubeko kideek 12 €), www.sportmaniacs.com webgunearen bitartez.