Barrenako kirola bueltan da Trapagaranen. Azaroaren 27an, 12:00etatik aurrera, 2021eko Euskadiko Harrizulatzaileen Txapelketa jokatuko da kiroldegiko aparkalekuan, 2018an Mungian ospatu zen azken txapelketaren lekukoa hartuz. Carlos Marquina Trapagarango Udaleko Kirol eta Turismo zinegotziak nabarmendu duenez, “azken urteetan talde kopurua jaitsi egin bada ere, sasoi onean bueltatuko da”.

Barrena harri batean ahalik eta zulo gehien denbora jakin batean egitean datza. Modalitate honen jatorria meategietan dago. “Euskal kirol asko bezala, praktika hau lan-okupazio batekin lotuta dago – Aizkora, arrastea, harri-jasotzea edo arraunketa bezala-, eta Meatzaldean lan egiten zuten enpresen harri-zulatzaileen artean egiten ziren erronka eta apustuetan izan zuen jatorria, dinamita-kartutxoak hartu behar ziren zuloak egiteko trebetasuna eta azkartasuna agerian utziz”, adierazi dute antolatzaileek.


Zulo gehien egiten dituen taldea edo parte-hartzailea da irabazlea. Kirolari batek zuloa egiten duen bitartean, kide batek hauspo batekin laguntzen dio ingurua garbitzen. Batzuetan ura ere erabiltzen da zuloa egiten laguntzeko.

Gaur egun, lehiaketek 30 minutuko iraupena dute eta barrenoen (zuloen) sakonerak 13 zentimetrokoa izan behar du. Denbora horretan, barreno gehien egiten duen pertsona, bikote edo taldea izango da irabazlea. Normalean, talde bakoitza 3 harri-zulatzailek, botilero batek, epaile batek eta laguntzaile batek osatzen dute, nahiz eta azken hori aukerakoa izan.

Gaur egun oso kirol herrikoia bada ere, batez ere Bizkaiko mendebaldean, Meatzaldean eta Ezkerraldean, kirol hau desagertuta egon da 90eko hamarkadara arte. “Talde ezberdinen lanari esker, gaur egunera arte berreskuratzea eta hurbiltzea lortu da; horregatik, funtsezkoa da honelako txapelketak eta landa-kiroleko beste edozein ekitaldi babestea, hain gurea den zerbaiten biziraupena bermatzeko”, azpimarratu du zinegotziak.

Izen-emateak

Euskadiko Txapelketan parte hartu nahi duten taldeek azaroaren 22ra arte izango dute izena emateko helbide elektroniko hauetara mezu elektroniko bat bidaliz: adur@adurek.com edo ehkfede@herrikirolak.eus. “Euskadiri dagokionez, 6 talde nabarmendu behar dira: “Piratak” (Arratzu), “Gallarta “ (Gallarta). “Aldai Alde” (Trapagaran), “Kabiezes” (Santurtzi), “Burdin Gazteak” (Ortuella) eta “Errekatxo” (Barakaldo). Espero dugu 27an guztiek parte-hartzea!”, desiratu du Markinak.