Trapagarango Udalak, Athletic Club, Athletic Fundazioa eta Trapagarango Futbol Klubarekin elkarlanean, datorren ostegunean, maiatzaren 26an, 17: 00etan, Athletic-eko emakumezkoen lehen taldearen entrenamendua antolatu du Errotarteko kirol instalazioetan. «Pertsona guztiak animatu nahi ditugu gure herrian lehen mailako futbolaz gozatzera, eta, horrela, gure auzokideen artean emakumezkoen kirola sustatzeko eta ikusarazteko prozesuan aurrera egiten jarraitu», adierazi du Carlos Marquina Trapagarango Udaleko Kirol eta Turismo Saileko zinegotziak.

2002an, Athletic Clubek Fundacion Athletic Club Fundazioa sortu zuen, Bizkaiko gizartearekin lotura iraunkorra izateko tresna bihurtzeko asmoarekin. Athletic Cluben benetako boterea Athletic osatzen duten pertsonak direla jakinik, Fundazioak gizartea leku hobea egiten laguntzeko tresna izan behar zuen. Zentzu horretan, Trapagarango Udaleko Kirol eta Turismo Sailak aukera zoragarria ikusi zuen interesak bateratzeko eta Lankidetza Hitzarmen bat sinatzeko. “Hitzarmen honen helburua da Trapagarango udalerrian kirolaren eta, bereziki, futbolaren aldeko baterako lan-prozesu bat hastea, Trapagarango Futbol Elkartea ere tartean sartuz”, ohartarazi du zinegotzi jeltzaleak.

Horrela, mundu guztiarentzat irisgarria izango den entrenamendu hau aipatutako Hitzarmenaren barruan kokatzen da, kirol antolakuntzaren eta Udalaren artean egingo diren lankidetza ugarietako bat bezala. «Akordio hau lantzen jarraituko dugu, gure udalerrira proiekturik onenak hurbildu ahal izateko, kirola eta, are gehiago, emakumeen kirola sustatzen jarraitzeko», nabarmendu du Carlos Marquinak. Era berean, maiatzaren 26an egingo den elkarretaratzeari esker, bertaratzen direnek gertutik ikusi ahal izango dituzte emakumezkoen futboleko lehen lerroko jokalariak, haiekin hitz egin ahal izango dute eta argazkiak egin eta autografoak lortu ahal izango dituzte.